XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer gertatzen zaio euskal liburuari?.

Begi bistakoa da euskal liburuaren egoera larria.

Aurten argitara eman den liburu produkzioari begiratu bat ematen badiogu, beherakada izugarria egin duela ikusiko dugu.

Oso liburu gutxi publikatu da aurten.

Gutxiegi gauza onerako.

Zer demontre gertatzen zaio euskal liburuari?.

Azterketa sakon bat eskatzen du gertaera honek.

Nik, neure aldetik, gogoeta pare bat egin nahi nuke hemen.

Zergatik egin du beherantz euskal liburuak?.

Zergatik azken boladako makaltasun honi?.

Zergatik hiltzen dira euskal editorialak?.

Urtez urte, gero eta jende gehiago euskaraz alfabetatzen ari, eta gero eta liburu gutxiago argitaratzen da.

Zergatik ez da liburu gehiago irakurtzen?.

Ez da dudarik: analfabetismoak eta irakurleriaren urritasunak kondizionatzen dute gehienbat euskal liburua.

Alde honetatik, neurri gogorrak hartzen ez diren bitartean, jai dago.

Euskal editorialak espezializatzen ari dira, ezinbestean, zein testugintzan, zein hiztegigintzan, zein literaturgintzan.

Produkzio aldetik, irakaskuntzarako liburuak azaltzen dira lehen mailan: ikastola eta gaueskolarako liburuak, alegia.

Liburu funtzionala, utilitarioa bilatzen dute gaur egun editorial etxeek.

Entsaiorik ez du inork publikatu nahi.

Tesis liburua krisisean dagoela esaten da, ekomikoki begiratuz ez baita errentablea.

Itzulpenik ere ez da argitaratzen.

Salmenta eskasa.

Merkatu mugatuegia.

Euskal Herriari buruzko liburu politiko guztiak erdaraz irakurri beharrean aurkitzen gara.

Honen ondorioz, idazle eta itzultzaile asko eta asko marginaturik sentitzen da.

Ez ote dugu euskal liburu politikoa gehiegi autozentsuratu?.

Bestalde, talde bat baino gehiago omen dabil editorial berriak sortzekotan.

Luxu haundiegia ez ote?.

Askotan aipatu da euskal editorialen koordinaketa beharra, baina bakoitza bere aldetik ibili da.

Askotan aipatu da liburuaren politika baten premia, baina oraindik egin gabe dago.

Komeni litzateke editorial guztiok, lehendik daudenak eta sortzera doazenak, mahai inguru batetan biltzea.

Zergatik ez Durangoko azoka aprobetxatu?.

Hona hemen mahai inguru horretan tratatu beharreko puntuak: - liburugintzaren planteamendu osoa.

- planifikazio egoki bat.

- programaketa koordinatu bat.

- jendea liberatzea, etab.

Honela, apurtu egingo litzateke euskal ediziogintzan eman den anarkia.

Euskal liburuak ez du babesik.

Laguntza eraginkor baten beharrean dago.

Haren dinamika bultzatuko duen euskal aginte bat behar dugu lehenbailehen.

Liburuaren arazoa, beste gauza batzuen artean, politikoa baita.

Euskal gobernuak neurri gogorrak hartu beharko ditu euskal kulturaren mailan.

Berak finantziatu beharko du, neurri batetan, euskal liburugintza ere.

Ea, laster, euskal liburuak burua altxatzen duen.

Jon Sudupe.